Telefono mugikorra, Sare Sozialak, bideojokoak, e.a. bezalako teknologia berriak behar bezala ez erabiltzetik eratorritako arriskuak prebenitzeko programa da. Helburu nagusia da pantailen erabilera neurritsua eta arduratsua sustatzea.
Ikastetxeetako hiru talderi zuzenduta dago:
Proiektuaren barnean, eskola-prebentziotik garatzen dira jarduerak, hiru esku-hartze mailatan: ikasleekin, irakasleekin eta ikasleen gurasoekin. Talde bakoitzarekin jorratutako helburuak ezberdinak dira, eta horien xedea da, teknologia berrien erabilerari eta horiek gehiegi erabiltzetik eratorritako arriskuen prebentzioari dagokienez, garrantzi handieneko arloetan eragitea. Jardueren iraupena, jorratutako edukiak eta metodologia (teoriko-praktikoa) ezberdinak dira kasu bakoitzean, talde bakoitzak dituen premien arabera.
Teknologia berrien erabileran eta eskuragarritasunean inplikatutako bi kolektibo nagusiei zuzendutako hitzaldiak: ikasleak eta haien gurasoak. Helburuak oso desberdinak dira: batzuen kasuan erabilera egokia egitea, eta besteen kasuan mugak ezartzea eta arriskuak saihestea. Hitzaldietan, pantailen, horien erabileraren, abantailen eta horien ondoriozko arriskuekin lotutako hainbat gai jorratzen dira.
Ikastetxeetako irakasleentzako prestakuntza-jarduera. Ikasleak eskolan hasten dira teknologia berriekin eta Sare Sozialekin (WhatsApp, Instagram, Tik Tok, Snapchat,…) lehen harremana izaten. Hezkuntza-prebentzioan, helburu ezberdinak sakontzen dira: oinarrizko ezagutzak hartzea, ondoriozko arriskuak identifikatzea, hezkuntzako neurriak eta teknikak erabiltzea, egoera zailak kudeatzea eta erabilera egokia egiteko jarraibideak ematea. Prestakuntza hezkuntza-etapa ezberdinetako irakasleentzat egokituta dago; baita, ikasleen ezaugarri espezifikoetarako eta teknologia berrien inguruan egiten duten erabilerarako ere.
Banaka esku hartzeko unitatea da, erabilera problematikoak edo adikzioak dituzten erabiltzaileentzat eta haien senitartekoentzat, edota eskola-arazo zehatzak jorratzeko: ziberbullyinga, sextorsioa, groominga,…
Kasu bakoitzean egoeraren balorazio diagnostikoa egiten da, arazoa edo adikzioa lantzeko helburuak ezartzen dira, baita aplikatu beharreko baliabideak eta gauzatzeko epeak ere, eta, azkenik, egoeraren aurrean esku-hartze terapeutiko eta/edo hezigarri komenigarriena burutzen da.
Lankidetza-hitzarmena Euskal Herriko Unibertsitateko teknologia berrien ikerketa-taldearekin: ELKARRIKERTUZ; hots, Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia Fakultateko talde finkatua (IT887-16). Taldeak proiektuak garatzea eta ezartzea gainbegiratzen, koordinatzen eta laguntzen du, batez ere irakasleen gaikuntzaren arloan, eta, horrekin batera, ikasleen bilakaera-unera egokitutako material pedagogikoak egitea ere.
IKTak proiektua Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabilerarekin lotutako arriskuen gaineko prestakuntza-zerbitzua da, eta Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko Departamentuarekin elkarlanean garatzen da. Zerbitzua udalerriko ikastetxeetako irakasleentzat eta adingabeekin zerikusia duten bestelako zerbitzuentzat da (Kaleko Hezkuntza programak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, e.a.). Horren helburua da profesionalak trebatzea eta gaitzea ezagutzak eta trebetasunak hartuaz, IKTeen erabileraren arriskuekin loturiko zailtasunei aurre egiteko, eragin zuzena …
Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 50 ikastetxe baino gehiagotan ezarri da proiektua azken urteetan. Garatzerakoan, hiru talde espezifikorekin lan egin da: ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Erabiltzaileek ebaluazio oso positiboa egin dute; izan ere, errealitate bera ikuspegi ezberdinetatik lantzen da, eta talde bakoitzaren ezaugarri eta esperientziara egokitutako proiektua da.